Berriak

Tabirako Igeriketa Taldeko gazte askok euren denbora onenak hobetu dituzte Espainiako txapelketan

Maila absolutuan parte hartzen zuen lehenengo aldian dominen atarian geratu da Iñigo Fernandez de Arroiabe, Adrian Fernandez, Erenoitz Barrenetxea eta Julen Azkaratek osatutako laukotea.

Tabira Igeriketa Taldetik honako igerilariak aritu dira Elx-eko (Valentziar Herrialdea, Espainia) igerilekuan lehiatu den neguko Espainiako salbamendu eta sokorrismo txapelketan: Adrian Fernandez, Julen Azkarate, Iñigo Fernandez de Arroiabe, Lucia Jimenez, Erenoitz Barrenetxea, Peio Etxezarraga, Iker Asiain eta Jon Grande. Euretako gehienek 20 onenen artean sailkatzea lortu dute eta batzuk dominen atarian geratu dira. Azpimarratzeko datua da askok euren ordura arteko markarik onenak hobetzea lortu dutela; gogor entrenatu direnaren seinale.

Laukotea, dominen atarian

Iñigo Fernandez de Arroiabe, Adrian Fernandez, Julen Azkarate eta Erenoitz Barrenetxeak osatutako laukotea maila absolutuan estreinatu da. Lehenengo hirurek 18 urte dituzte eta Barrenetxeak 17 ditu. Laurak durangarrak dira.

Proba bitan parte hartu dute. Oztopoen errelebo proban 4. tokian eta dominen atarian geratu dira; proba konbinatua, berriz, 7. tokian amaitu dute. Esperientzia handiagoko aurkariz inguratuta, euretako asko baino hobeto aritu dira. “Oso motibatuta geunden eta oso pozik gaude egindako lanarekin”, azaldu du Barrenetxea durangarrak. “Hurrengo urtean gehiago eta hobeto”, adierazi du Azkaratek.

Erenoitz Barrenetxea bakarka ere aritu da 100 metroko proba konbinatuan eta 19. tokian amaitu du. “Postuak ez dit asko ardura, gehien inporta didana da nire denborarik onena hiru segundotan hobetu dudala”, baloratu du.

Peio Etxezarraga, 6. tokian

Peio Etxezarraga atxondarrak 6. tokian amaitu du 100 metroko sokorrismo proba. Honako hau izan da bere lana: 50 metro aurrerantz igerian aletekin, manikia jaso eta flotagailua jarri atzerantza igerian dabilen bitartean, eta azken metroak berriro aurrerako igerian. Honako hau izan da bere denbora: 58,84. Bere denborarik onena bi segundotan hobetu du. “Sekulako denbora da”, Tabira Igeriketa Taldeko arduraduna den Gonzalo Diazen arabera.

Iker Asian, 13. tokian

Iker Asiain 17 urteko durangarrak ia hiru segundotan hobetu du bere markarik onena 50 metroko arrastre-proban. Honako hau izan da bere lana: 25 metro igerian egin, hiru metrora hondoratuta dagoen manikian jaso eta helmugara eraman.

“Oro har pozik nago egindako lanarekin. Lehenengo erdian, igerian, gehiago eman nezakeela uste dut. Bigarren erdian, arrastrean, hobeto aritu naiz. Manikia hartzeak eta eramateak eskatzen duen teknikarekin oso zorrotza naiz eta etengabe teknika hori zelan hobetu pentsatzen eta gauza berriak probatzen aritzen naiz”, adierazi du Asiainek.

Julen Azkarate 7. postuan proba konbinatuan

Julen Azkarate 7. tokian sailkatu da 100 metroko proba konbinatuan, 20 urtez azpiko mailan. Bere denbora onena ia bost segundotan hobetu du. “Oso ondo sentitu naiz eta gustura nago egindako lanarekin”, adierazi du.

Adrian Fernandez 5. tokian

Adrian Fernandez durangarrak proba bitan parte hartu du 20 urtez azpiko mailan: aletekin manikia eramateko 100 metroko proban 5. tokian geratu da. “Osasun krisiarekin ezin izan dut hainbeste entrenatu eta hala ere nire denbora onena hiru segundotan hobetzea itzela izan da. Oso pozik nago”, adierazi du. Gonzalo Diazek ere bere marka goraipatu nahi izan du. “Goi mailako lasterketa egin du”.

Azkenik, 100 metroko proba konbinatua 10. postuan amaitu du. “Proba hau ez dut asko entrenatu eta ez nuen espero hain aurrean amaitzea”.

Hurrengo asteburuan Euskadiko txapelketan parte hartuko dute, Iruñean.

Lau durangar gazteak dominen atarian geratu dira:

 

Iker Asiainek segundo bitan hobetu du bere markarik onena:

 

Fuente: anboto.org